XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zazpi emakume Gaur arratsaldekoa John Ford zinegile ospetsuak zuzendutako azken filmea izan zen.

Hala ere, ez zen izan bere karrera luzeak eskatzen zuen amaiera.

Txinako gerra zibilaren tartean kokatua, mediku-andere batek moja batzuk salbatzeko egin behar duen sakrifizioaz ari da.

Hauek txinatar jauntxo baten eskuetan erori dira, eta bere bizitza arriskuan dago.

Ann Bancroft-en erabaki arriskutsuari esker aurrera aterako dira, baina filmea ez da bentura kolonialisten islada romantiko bat besterik izango. (15.10) J.J.I.

Marnie lapurra Alfred Hitchcock-en filme honen misterio neska kleptomana baten inguruan murgiltzen da.

Honek ezin dio uko egin bere zaletasunari, eta bere lantegiko ugazabak lapurra dela ezagutuarren, ez du salatuko eta beraz maiteminduko da.

Korapiloa askatzeko senarra psikoanalisi sinplifikatuaz baliatu beharko da, Marnieren iraganean gertakizun ilun bat aurkitu arte.

Hitchcock-en filme interesgarri honetan, antzesle banaketaren buru Tippy Hedren eta Sean Connery daude (22.35) J.J.I.

Baleak eta balenarrantzaleak Dr. Livingstone, supongo programan

Baleaz eta horien atzetik ibili izan diren eta ibili ohi diren balenarrantzaleez ariko zaizkigu gaur Dr. Livingstone, supongo programan.

Garai batean bazen Euskal Herrian honelako ugari.

Manu Izagirre, ariko da guztiorretaz.

Manu Izagirre honek, San Lorenzo golkoan, XVII mendeko euskal balenuntzi bat aurkitu zuen.

1901. urtean harrapatu zuten euskal kostaldean azkeneko balea; honexen berri ere emango da (22.30).

Kiri Te Kanawa Atrilan Lehen eta bigarren katean, Kiri Te Kanawa kantari sonatuak lehengo batean Londresen eskaini zuen kantaldia emango da ezagutzera gaur Atrila saioan.

Opera kantatzen du emakume honek.

Nola gainera! Aspalditxo honetan oso ezaguna egin da.

Nonahi kantatzen du eta bere diskoak apurrillo saltzen dira (12.35).

Real Madrid-Atlético de Madrid, zuzenean Gaur, 19.55etatik aurrera, zuzenean, Euskal Telebistaren lehenbiziko katean, Real Madridek eta Atlético de Madridek Santiago Bernabéun jokatuko duten futbol partidua erakutsiko da.

Sailkapenean leaderra da Real Madrid; Atlético de Madrid laugarren doa, lau puntutara.

Mikel Olazabalek emango ditu xehetasunak.

Durangoko Liburu Azoka Denbora pasa saioan

Durangoko Liburu Azokaz erreportaia luzea eskainiko da gaurko Denbora pasa saioan.

Bian has eta bostean emango zaio akabera Azokari.

Bilboko Ayala antzokian egingo den Bilboko Kantuaren II Lehiaketa Internazionalaren berri xehe-xehea emango da bestalde.

Asteburu honetan egun pasa etxetik atera nahi dutenentzat Nafarroa, Behenafarroa eta Zuberoan gaindi ederki nola pasa daitekeen esplikatuko da bestalde.

Donostiako Gipuzkoa Aretoan egin den Artista Gazteen arte erakusketa erakutsiko da eta astero Durangoko merkatura biltzen den Garaiko emakume bati elkarrizketa egingo zaio.

Azkenean, Elene Lizarraldek, asteko kultur ekintzen berri emango digu, bide batez Roller-Skyaz erreportaia bat erakutsiko delarik.